Algaraklown elkartea 2011. urtean sortu zen, Donostiako bi pailazok Madrilen egindako ospitaleko clown-ikastaro batean topo egin zutenean. Clown-talde bat sortu nahi zuten biek Gipuzkoan, eta lanean hasi ziren. Hasteko, proiektuan interesa izan zezaketen pertsonen bila aritu ziren, eta clowneko zein ospitaleko clowneko prestakuntza eman zieten Donostian. Proektuarekin maitemindutako 10 lagun prestatu zituzten guztira, eta 2012ko martxoan sortu zuten elkartea. Bidezko kontaktu guztiak, proiektua abian jartzeko prozesua eta kode deontologikoa egin ondoren, prestakuntza egokia jaso zuten pertsonak Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Ama-Haurren Atalean hasi ziren bisitaldiak egiten, 2012ko azaroan. Bisitaldiak hamabostean behin egiten ziren hasieran, eta 2014. urtean astean behin egiten hasi ginen. Gelaz gela joaten ginen, eta itxarongeletan, korridoreetan, larrialdietako eremuan, Zainketa Intentsibo Pediatrikoen Unitatean eta eskolan jarduten genuen.
Nire alaba txikia Unibertsitate Ospitalean egon zen ospitaleratuta meningitis baten ondorioz, isolatuta eta larri. Orduan ezin ginen harekin egon; egunean bitan egiten genion bisita, eta oso denbora tarte laburrean gainera. Oinazeak eta bakartasunak sorrarazten zioten tristura ikaragarria zen, horrela ikusten nuenean nik sentitzen nuen tristurarekin baino konparatu ezin zena. Haren egoerarekin zerikusirik ez zuen zerbaitek irribarrea aterako ziola pentsatu nuen. Ez nekien zer eta nola. Geroago, clown-tailer batean parte hartzeko aukera izan nuen, eta orduan jakin nuen horixe zela nik egin nezakeena ospitaleratutako haurrek zenbaitetan sentitzen duten bakartasunari, larritasunari eta beldurrari aurre egiteko.
Oporrak eta aisialdia clown eta ospitaleko clown gisa prestatzeko erabili nituen, Euskadiko haur guztiek beren ospitaleko clownak izan zitzaten. Ikastaroetako batean, Saioa Aizpurua ezagutu nuen. Biak Donostiakoak gara, biek helburu bera genuen, eta indarrak eta jakintzak batu genituen.
Pailazoak prestatzen hasi ginen, eta ospitaleko pailazo izateko prestakuntza espezifikoa eman genien. Gure prestakuntza ospitaleratutako pertsonengana eta geriatrikoetako pertsonengana ere iristen zenez gero, gure pailazoei prestakuntza hori ere eman genien. Irakaskuntzaren lehen emaitzak ikusten hasi ginenean, Donostiako Unibertsitate Ospitalarekin harremanetan jarri ginen, eta harrez geroztik gaur egun arte, garai batean lortu nahi izan nituen helburu berekin joaten dira pailazoak ospitalera.
Amparo de Miguel Miquel
Txikitan, askotan ziztatu behar izan ninduten. Ez zitzaidan gustatzen, baina zaintzen ninduen medikuak barre eginarazten zidan joaten nintzen bakoitzean. Urduritasun eta tentsio handiko unea izaten zen, baina, aldi berean, banekien mediku hark asmakizun, magia-joko edo txisteren bat izango zuela niretzat.
Hainbat urtetan pailazo izateko prestatu ondoren, Madrilera joan nintzen ospitaleko pailazo gisa prestatzera. Beste batzuek egiten zuten lana ikusi nahi nuen, geroago Donostian abian jartzeko. Madrilen, Amparo de Miguel ezagutu nuen, eta sorpresa handia izan zen, nire asmo bera baitzuen.
Egun haietako ilusioarekin eta gogoekin, gure proiektuan talde txiki bat inplikatzea lortu genuen Donostiara iristean. Bagenekien beste hiri batzuetan esperientzia bikaina izan zela, eta lanean hasi ginen Donostiako ospitalean ere clown talde bat egon zedin eta ama-haurren atalean ospitaleratutako haurren artean bitamina estra bat bana zezan: IRRIBARREA.
Saioa Aizpurua